Edukira joan

Goierriko Hitza

Legorreta
2008ko abuztuak 28, Osteguna

;2008-07-01;KULTURA. Herri eta doinuak, Harripilan bilduak

Herri eta doinuak, Harripilan bilduak

Sustraiez Blai Giro paregabean ospatu zen larunbatean Sustraiez Blai jaialdia Legorretan, espero baino jende gutxiago bildu arren.

iñaki gurrutxaga

Eguerdian pilota txapelketa batekin hasi zena goizeko ordu txikietako dantza-algarekin bukatu zen larunbatean Legorretan. Harripila kiroldegian egin zen jaialdiak ez zuen esperotako jende multzoa elkartu, baina bildutakoek «bikain» pasa zuten, Josetxo Sastre antolatzaileak azaldu zuenez.

Jaialdiaren harira festa giroa egon zen egun guztian Legorretan. 80 lagun inguruk bazkaria egin zuten Bilkoin elkartean, eta ondoren kalejiran ibili ziren Bonberonea txarangarakin. Afari-merienda sardina eta sagardoarekin egin zuten, eta adin guztietako jendeak parte hartu zuen bertan.

Artean erabat iluntzeko zegoela igo zen oholtza gainera Saioa Garin Legorretako bakarlaria, iragarritakoa baino ordu erdi lehenago. Herritarraren kontzertua ikusteko sarrera berezia jarri zuten, 5 eurokoa, eta herritarrek ez zioten muzin egin emanaldiari.

Herrien arteko bat egitea

Goseren soinu tradizional eta elketronikoen arteko uztarketaren ondoren, Fanfare Vagabonturen txanda izan zen. Jende artean hasi zuten kontzertua . «Ijito autentikoak dira, eta jendea harritzea lortu zuten. Pena da Goierrin bizi diren errumaniar komunitatekoak ez zirela etorri. Bazterreko musika talde modura ikusten dituzte nonbait», zehaztu du Sastrek.

Fun Da Mental indartsu aritu zen, erritmo sendo eta kultur artekoak uztartuz. Abesti batean Legorretan bizi diren zenbait pakistandar, txalapartariak eta dantzari bat igo ziren oholtzara, eta musika trukerako bide izan daitekeela erakutsi zuten. Max Pashm disko-jartzailearen musika dantzagarriarekin bukatu zen festa, 05:30ean.

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.