
2005-07-11 | 19:56:05
GIZARTEA
Enpresetan lapurreta egiten zuen talde bat atzeman du Ertzaintzak
Goierriko zenbait denda eta lantegitan egin ditu taldeak lapurretak
Iragan astean atxilotu zituen Ertzaintzak taldea osatzen zuten kideak Legorretan. Bi kide uztailaren 7an atzeman zituzten; beste hiruk ihes egitea lortu zuten, Oria ibaira salto eginda. Legorretako okindegi batean eta elkarte batean lapurtzeko saiakeran ari ziren gaizkile taldeko kideak.
Lehengo asteko ostegunean, uztailaren 7an, J.V.R. 24 urtekoa, eta F.V.R. 18 urtekoa, biak anaiak, Andoaingoak, atxilotu zituen Ertzaintzak Legorretan, herriko okindegi eta elkarte banatan lapurreta saiakeran atzemanda gero. Bi atxilotuak lapur talde bateko kide direla esan zuten polizia iturriek, eta Goierriko eskualdeko komertzio eta lantegietan burutzen zituzten lapurretak. Atxiloketaren unean beste hiru kidek ihes egitea lortu zuten, euren burua Oria ibaira botata. Oraindik haien bila jarraitzen du Ertzaintzak.
Aurreko egunean Ordiziako biltegi batean egindako lapurretaren ildotik etorri ziren atxiloketak. Atea indarrez ireki eta barrukoa ostu ondoren, beribil batean alde egin zuten Ordiziatik. Legorretan ikusi zuten auto bera ostegun goizaldean, soziedade batean eta okindegi batean lapurreta eginda abiatzera zihoazela.
Atxilotutakoen kotxearen barnean Zumarragako elkarte bateko kutxako giltza topatu zuten ertzainek, eta lapurreta delitua egotzi zieten bi gazteei. Zerrailak indarrez irekitzeko tresnak ere bazituzten.
Horrez gain, Goierrin burututako beste zenbait lapurretaren egile izatea leporatu diete taldeari, denera 11.: Ordizia, Ikaztegieta, Legorreta, Arama, Olaberria, Zegama eta Zumarragan lapurretan egin izana, hain zuzen. Komertzio, taberna eta biltegietan, sarrerako zerraila indarrez puskatu ondoren, kutxetako zein tabako-makinetako dirua eramaten zuten; zenbait lekutan informatikako ekipoak eta beste zenbait gailu ere ostu zituztela adierazi du poliziak. Ihes egin zuten hiru kideak identifikatuta dituela jakinarazi du Ertzaintzak, eta atxiloketa agindua dago euren aurka.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.