
2008-04-17 | 11:53:27
Ekonomia
Legorretako lantegira aldatu nahi du bere planta Amaroz papertegi tolosarrak
Operazioak Tolosako Udalaren, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesa du
Legorretako papertegia itxi zutenetik bi urte betetzear daudenean, Tolosako Amaroz S.A. papertegiak lantegia lekuz aldatzeko asmoa agertu du. Tolosako planta birkalifikatu eta etxeak egingo dituzte, Tolosako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bitartean, hilaren 24an egingo den enkantean, Amaroz S.A. enpresak Legorretako lantegia erosteko asmoa du. Enkanteko irteera prezioa 14 milioi eurotan jarri dute, baina enpresak %30a ordaindu beharko du momentuz. Tolosako Amaroz enpresa ez dago egoera ekonomikorik onenean. Operazio honekin ordea, lau urtean bere produkzioa bikoiztea eta beste hamabost langile kontratatzea espero du.
Aspaldikoak dira krisi hotsak paper fabriken sektorean. Legorretakoa duela ia bi urte itxi zuten, eta Tolosako Amaroz lantegiak ere egoera zaila bizi izan du azken urteetan. 143 urteko historia duen enpresa honek, 110 langile ditu, eta pasa den urtean, eurek erosi zuten enpresaren akzioen %41a. Baina egoera ez da asko aldatu, eta Legorretako lantegira aldatuta, produktibitate handiagoa emango dien makineria eta azpiegitura lortu nahi dute.
Aldaketa hau egiteko ordea, Legorretako papertegiaren instalakuntzen jabetza lortu behar du Amaroz enpresak. Hauek, Paperalia S.A. enpresarenak ziren (La Salvadora eta Etxezarreta enpresak elkartuta sortu zen). Instalazio hauek erosi eta egokitzeko, inbertsio garrantzitsua egin beharko du Amaroz S.A. enpresak.
Enkante publikoa
Datorren ostegunean, hilak 24, Legorretako enpresa enkantera aterako dute. Amaroz S.A. enpresak, enkanteko irteera prezioaren %30 ordaindu beharko du. Hasierako prezioa, 14 milioi eurokoa da.
Enpresa lekuz aldatzearekin, produkzioa bikoizteko asmoa du papertegiak. Pasa den urtean, 43.000 tona paper ekoitzi zituzten, eta 2011. urterako, 80.000 tonara iritsi nahi dute. Produkzioa handitzearekin batera, plantila ere zabaldu egingo litzateke, enpresaren arabera. Hala, 110 langile izatetik 125 izatera pasatu nahi dute epe laburrean.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
2006ko ekainean itxi zuten Legorretako lantegia.
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.