
2005-09-13 | 12:53:10
Lan istripua
Legorretako ezbeharrean segurtasun akats larriak izan zirela uste du Osalanek
Atzo Legorretan (Gipuzkoa) bi langileren heriotza eragin zuen istripuan "segurtasun hutsegite nabariak" izan zirela uste du Osalan Jaurlaritzako Lan Segurtasunerako Institutuak. Ignacio Murgia erakunde horretako zuzendariak agertu duenez, lehendabiziko ikerketen arabera, bi beharginak lanean ari ziren lubakia ez zegoen behar bezala zurkaiztuta. ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek elkarretaratzea egin dute eguerdian ezbeharra jazo zen lekuan. CCOOk eta UGTk beren aldetik egin dute protesta. Urtea hasi zenetik 66 lagun hil dira lan ezbeharretan Hego Euskal Herrian.
"Aztarna guztien arabera, segurtasun gabezia larriak izan dira. Lubaki batean lanean jardutea, ezponden hormak behar bezala eutsita egon gabe, eta agi denez, ikerketa hasi besterik ez baitugu egin, lur buztintsu batean, eta egunotako euriarekin, prebentzio neurrien gabezia oso larria da", adierazi du Murgia Osalaneko zuzendariak Radio Euskadin.
Etxe bat eraikitzeko lanean ari zirela hil ziren atzo bi langile Legorretan —37 urteko A.P.M. irundarra eta 53 urteko J.M.R.Z. donostiarra—, lubakian zeudela lur jauzia gertatu eta lurrak azpian hartuta. Urrela eraikuntza enpresak azpikontratatutako enpresa bateko langileak ziren.
Osalaneko zuzendaria ez ezik, Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Lan sailburua ere kezkatuta agertu da atzoko ezbeharrarekin, eta, oro har, lan istripuen auziarekin. Izan ere, 2005ean lan ezbeharreta hildakoen kopuruak aurreko lau urteetako joera hautsi, eta asko handitu dela nabarmendu du Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan.
Urtea hasi zenetik 66 behargin hil dira Araban, Bikaian, Gipuzkoan eta Nafarroan lan istripuetan.
OHARRA: Atzo edizio digitalean eta gaur paperekoan hildako bi langileak Mendizabal eraikuntza enpresakoak zirela jarri genuen, eta ez dira hala. Barkamenak Mendizabal enpresakoei eta irakurleei.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.