Edukira joan

Goierriko Hitza

Legorreta
2008ko urriak 6, Astelehena

Azken ordukoak

Gidari bat zauritu da eguerdian Legorretako tunelean izan den istripuan

2008-09-12 | 12:34:13

Gidari bat zauritu da eguerdian Legorretako tunelean izan den istripuan

Bi kamioik eta auto batek elkar jo dute, eta N-1 itxita geratu da Gasteizerako norantzan

Gaur eguerdian N-1 errepidean, Legorretan, izan den istripuan pertsona bat zauritu da. Gasteizerako norantzan, tunel baten barruan bi kamioik eta auto batek elkar jo dute. Suhiltzaileek bertaratu behar izan dute, eta kamioi bateko gidaria kabinatik ateratzeko erreskatea egin behar izan dute. Donostia Ospitalera eraman dute zauritutako gidaria. N-1eko Gasteizeranzko norabidea erabat itxiarazi du istripuak. Trafikoa Legorreta herrigunetik desbideratzen ari da Ertzaintza, lehengo errepide zaharretik. Tunelaren barruan gertatu da ezbeharra. Hiru kilometroko auto ilarak sortu dira.

Ez du erantzunik

AHTren desjabetzen aktak sinatzeko ekitaldiak bertan behera geratu dira Legorretan eta Itsasondon

2008-09-11 | 10:49:23

AHTren desjabetzen aktak sinatzeko ekitaldiak bertan behera geratu dira Legorretan eta Itsasondon

Ekitaldiak burutzeko "baldintzarik ez zela betetzen" azaldu dute Espainiako Sustapen Ministerioko arduradunek

Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkariak eta Legorretako zein Itsasondoko alkateek gaur goizean sinatu behar zituzten AHTren proiektuak eragingo dituen desjabetzen aktak; bi herrietan bertan behera geratu dira akta altxamendu ekitaldiak, "sinadura ekitaldiak egiteko baldintzak ez zirelako betetzen". 09:30ean zuten hitzordua Legorretako udaletxean, baina ordurako, ehundik gora lagun bildu dira AHTren kontra protesta egiteko. Beste hogei lagun, Legorretako udaletxeko eskaileretan lotu dira. Azkenean, bertan behera geratu da akta sinatze ekitaldia. Itsasondon berriz, 10:30ean zuten hitzordua, baina han ere protesta jendetsuak izan dira, eta sinadura ekitaldia atzeratu egin dute.

22 erantzun

2008-07-26 | 13:31:26

Bi pertsona atxilotu dituzte Legorretan 10 kokaina papelinarekin

25 urteko gizonezkoa eta 21 urteko emakumezkoa dira atxilotuak

Atzo arratsaldean E.M.V.R. 25 urteko gizonezkoa eta Y.M.F. 21eko emakumezkoa atxilotu zituen Ertzaintzak Legorretan. Kokaina papelinak atzeman zizkieten identifikatzera joandakoan, eta osasun publikoaren kontrako delitua egotzita biak atxilotu zituzten. Gaur pasatuko dira Tolosako epailearen aurretik.

10 erantzun

Legorretako hirigintza arau berriak aurkeztu dituzte herritarren aurrean

2008-06-12 | 13:03:37

Legorretako hirigintza arau berriak aurkeztu dituzte herritarren aurrean

Etxebizitza berriak egiteko proiektuak eta papertegiaren etorkizunaz hitz egin zuten atzo herri antzokian

Ehun herritar inguru bildu ziren atzo Legorretako herri zineman, hirigintza arauen testu berria bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Iñaki Oiarbide alkateak eta Toledo taldeko teknikariek, arauak berritzeko prozesua azaldu eta arlokako xehetasunak eman zituzten. Besteak beste, etxebizitza berriak egiteko aukera eta industriaguneen etorkizunaz hitz egin zuten aurkezpen ekitaldian.

35 erantzun

Manuel Garmendia ’Korta’ zena omendu dute Legorretan

2008-04-19 | 16:45:21

Manuel Garmendia 'Korta' zena omendu dute Legorretan

Aste honetan bete dira 22 urte Guardia Zibilak hil zuela eta gaur bere jaiotetxean plaka jarri dute

Legorretako Kortatu baserrian omenaldia egin diote gaur eguerdian Manuel Garmendia Korta zenari. Aste honetan bete dira 22 urte Guardia Zibilak Beran (Nafarroa) hil egin zuela, han izandako tiroketa batean. Gaurko omenaldian legorretar ugari inguratu da bere jaioterrira, tartean, Pako Eskitxabel zegoen, Korta zenaren kide izandakoa eta Legorretako preso ohia. Eskitxabelek hitz batzuk egin zituen Kortatu baserriko semea gogoraraziz eta harekin bizitako pasarte batzuk kontatu dizkie bertan bildutakoei. Bestalde, Manuel Garmendia Korta ren arrebari krabelin gorria eman diote omenaldian. Haren ondoan izan da baita ere orain dela egun batzuk hil zen Patxi Otaegi Xestero iheslari politikoaren iloba, osabaren argazkia eskuetan zuela. Hari ere eman diote krabelin gorria. Manuel Garmendiaren omenez plaka bat jarri zuten baserrian.

Erantzun 1

Legorretako lantegira aldatu nahi du bere planta Amaroz papertegi tolosarrak

2008-04-17 | 11:53:27

Legorretako lantegira aldatu nahi du bere planta Amaroz papertegi tolosarrak

Operazioak Tolosako Udalaren, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesa du

Legorretako papertegia itxi zutenetik bi urte betetzear daudenean, Tolosako Amaroz S.A. papertegiak lantegia lekuz aldatzeko asmoa agertu du. Tolosako planta birkalifikatu eta etxeak egingo dituzte, Tolosako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Bitartean, hilaren 24an egingo den enkantean, Amaroz S.A. enpresak Legorretako lantegia erosteko asmoa du. Enkanteko irteera prezioa 14 milioi eurotan jarri dute, baina enpresak %30a ordaindu beharko du momentuz. Tolosako Amaroz enpresa ez dago egoera ekonomikorik onenean. Operazio honekin ordea, lau urtean bere produkzioa bikoiztea eta beste hamabost langile kontratatzea espero du.

Ez du erantzunik

Omenaldi beroa egin diote Patxi Otaegiri Legorretan

2008-04-07 | 12:09:38

Omenaldi beroa egin diote Patxi Otaegiri Legorretan

Bere "abertzaletasuna, tinkotasuna eta jatortasuna" nabarmendu dituzte

Pasa den astean hil zen Patxi Otaegi iheslari politikoari omenaldia egin zioten atzo Legorretan. Txalaparta eta irrintzi doinuekin hasi zen ekitaldia, eta herritar ugari bildu zen plazan. Besteak beste, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek eta hainbat herritarrek parte hartu zuten ekitaldian. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek idatzitako gutun bat ere irakurri zuten. Bertan, Otaegiren "abertzaletasuna, tinkotasuna eta jatortasuna" nabarmendu zituzten. Atzoko ekitaldian, iheslari politikoek "Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea" defendatu zuten.

2 erantzun

2008-04-04 | 16:03:27

PPk eta AVTk Otaegiren omenaldia debekatzeko eskatu dute

Otaegi "ETAren kolaboratzailea" zela eta, ekitaldia bertan behera uzteko eskatu diote Espainiako Gobernuaren Delegatuari

Patxi Otaegi iheslari politikoari Legorretan egingo dioten omenaldia debekatzeko eskatu du AVT biktimen elkarteak. Beraien hitzetan, Otaegi "ETAren kolaboratzailea" baitzen. Gainera, ekitaldia Askatasunak antolatu duela dio, eta hau, "ETAren erakunde ilegal bat" dela azaldu du. Bere aldetik, PPko legebiltzarkidea den Carlos Urquijok ere, omenaldia debekatu dezala eskatu zion atzo Eusko Jaurlaritzaren herrizaingo sailari.

Erantzun 1

© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.